Udalak Askatasuna eta Sagardo plazak lotuko dituen eskailera berriak egiten hasi da. Eskailera berri hauen helburua bi plazen artean oinezkoen joan-etorria erraztea da, bereziki tokiko merkataritza sustatzeko mesedetan. Dema plazaren eta Zubiaurrenea kalearen inguruan daude herriguneko bi merkataritza eremu nagusi, baina eremuaren ezaugarri urbanistikoek bien arteko lotura oztopatzen dute.

Neurri hori Usurbilgo tokiko merkataritza eta ostalaritza zerbitzuak indarberritzeko planean jasoa dago, 2020an egin zen diagnostikoaren ostean proposatu zituzten ekintzen artean. Usurbilgo Udala, Siadeco eta Hurbilagorekin elkarlanean, Usurbilgo herri-merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko plan bereziaren eguneratzeari ekin zion 2009an. Lehenengo aldiz egin zen, eta berritzeko beharra nabaria zen, hainbat arrazoirengatik:

  1. Ordutik hainbat alorretan izan diren aldaketak behatu nahi izan zituzten (kontsumo ohituren aldaketa, Internetez eta saltoki handietan kontsumitzeko joeraren gorakada).
  2. Aurrera begira herri merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko zein bide jorra daitezkeen aztertu nahi zuten. Horrekin guztiarekin, gutxienez bost urterako ekintza plan bat zehaztu zuten, hainbat alorretan eragiteko proposamen zehatzak eginez (+).

Eskailerak eginda, autoentzako bi leku kenduko dira Zubiaurrenea kalean, baina Potxoenea aurrean bi berri sortu dituzte, beiraren edukiontzia lekuz aldatu, eta lurrazpiko edukiontziak kenduta. Lan hauek udal-brigadak egingo ditu martxoan zehar.