Urtarrilaren 27an (ostirala), Usurbilgo Sarek antolatuta, euskal presoen eskubideen aldeko azken ostiraleko elkarretaratzea egingo da Mikel Laboa plazan, arratsaldeko 20:00etan.
Usurbil 1936 elkartea, oroimen historikoa berreskuratzeko lanean, hainbat lekukotza, dokumentazioa biltzen eta oroimen lekuak finkatzen (Irubiden, Udarregi ikastolan eta Aginagako hilerrian) aritu da azken urteotan. Hemendik aurrera, bildu den eduki osoa webgune batean ikusgai egongo dela jakinarazi du elkarteak. Oraindik amaitu gabe dagoen arren (hainbat datu eta dokumentu osatzeko baitaude), dagoeneko webgunea aurkezteko moduan dagoela adierazi dute elkarteko kideek. Gerra hark utzi zituen ondorio latzekin zuzenean zer ikusia izan zutenen senide eta lagunez gain, herritar guztiak gonbidatudak daude otsailaren 3an (ostirala), arratsaldeko 18.30ean, Sutegi aretoan egingo den aurkezpen publikora.
Usurbilgo Udalak Txirikorda proiektuari buruko zalantzak argitu nahiz xehetasun gehiago eskaintzeko bilera antolatu du larunbaterako (urtarrilak 28), goizeko 11:00etan Potxoenean. Saio informatiboan parte hartu nahi dutenei Usurbil Kulturan aurrez izena emateko eskatu dezakete. Urriko osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak Txirikordan bizitzeko ordenantza, eta behin betiko onartua geldituko da laster: aurreikuspenen arabera, otsail hasieran zabal daiteke bertan bizitzeko izen-ematea.
Emagin Elkartea eta Usurbilgo Udalak antolatuta, urtarrilaren 27an (ostirala) zaintzaren inguruko hitzaldia eskainiko da Potxoenean: “Hitzaldi zikloa: Zaintza (III)”. Hizlariak Miren Aranguren (Emagin Elkartea), Mari Luz Esteban (EHUko irakaslea), Ruth Iturbide (NUPeko irakaslea) eta Nerea Almazan (Matia Fundazioa) izango dira. Bertan parte hartzeko aurrez gonbidapenak eskuratu behar dira usurbilkultura.euswebgunean.
Abenduaren 20an Usurbilgo Ugartondoko obrek isurketa bat eragin zuten Aranerrekan. Udalaren esanetan, udalak berak sartu zuen salaketa 112 telefonora deituz. Lekuan bertan izan ziren Ura agentzia, Ertzaintza, obraren ardura duen enpresa eta udala bera. Isurketaren arrazoiak ikusi, eta berriz ez gertatzeko neurriak hartu zituzten. Usurbilgo Anerreka ingurumen elkarteak ere Ugartondon lanean ari den Jauregizar enpresak ur zikinak Aranerrekara isuri zituela salatu zuen udalean.
You must be logged in to post a comment.