GuraSOS plataformak jakinarazi duenez, GHK-k Zubietako erraustegiko dioxina eta metal astunak dituzten urak Zurriolako hondartzara isurtzeko baimena bertan behera geratu dela momentuz. Plataformak, errekurtso bat aurkeztu zion Arantxa Tapiaren sailari, eta, hilabeteko epean erantzunik izan ez denez, baiespen isiltasun gisa interpretatu liteke.

GuraSOSek ingurumen baimen horri errekurtsoa aurkeztu zion, eta, horrekin batera, eskatu zuen ebazpen horren efektuak kautelaz eteteko, Jaurlaritzak errekurtsoa onartu edo ezeztatu arte. Baimen hori eteteko eskaeraren gainean hilabetean Jaurlaritzak erantzunik eman ez duenez, automatikoki baliogabetuko dira ebazpenaren ondorioak momentuz. Hain zuzen, azaroan eskatu zion Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak baimena Uraren Euskal Agentziari, Zubietako erraustegitik Arkaitzerrekara isurtzen diren urak ponpatu eta saneamendu sistemarekin konektatzeko, Añarbeko hodi biltzailearen bidez. Loiolako Hondakin Uren Araztegitik igaroko litzateke ur hori lehenengo. Hala ere, GuraSOSek momentu hartan jada ohartarazi zuen araztegi horretan ezarritako sistema ez zela egokia elementu horiek uretatik kentzeko.

Añarbe

Horrez gain, GuraSOSek adierazi du Jaurlaritzak baimen hori emateko, Añarbeko mankomunitateak txosten bat osatu beharko lukeela bere oniritzia emanez (derrigorrezkoa eta loteslea da baldintza hori), eta Tapiaren sailak txosten hori gabe eman diola baimena GHKri.

GuraSOS: “Añarbeko Mankomunitatearen saneamenduei eta isurketei buruzko Erregelamendua oso argia da, 12.2 artikuluan isurketa-baimena eskatzen baitu hondakin-urak saneamendu-sare publikora isuri ahal izateko. Etxekoak ez diren erabiltzaileak dira, etxeko hondakin-urez edo ur beltzez gain, beren prozesutik edo jardueratik datozen bestelako hondakin-urak isurtzen dituztenak. Kasu honetan, erregelamenduak baimen berezi gisa definitzen duenaren aurrean gaude, substantzia bereziki arriskutsuak edo ingurumenean edo arazketa-prozesuen bideragarritasunean eta errendimenduan eragin berezia duten hondakin-urak direlako. Ondorio horietarako, honako substantzia hauek hartzen dira halakotzat: Kjeldahl guztizko nitrogenoa (NTK), Fosforo totata (P), Olioak eta koipeak (AG), Kloruroak (Cl-), Sulfatoak (SO4:), Kobrea (Cu), Kromo osoa (Cr), Merkurioa (Hg), Zinka (Zn), Kadmioa (Cd), Fenolak. Are gehiago, erregelamenduaren arabera erregelamendu horren 8. artikuluan jasotako substantzia edo hondakin toxiko eta arriskutsuak isurtzea guztiz debekatuta dago”.

2023ko urtarrilaren 2an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzak jakinarazi zien eskatutako Ingurumen Eragineko Baimena emango ziola GHKri, ponpaketa eta saneamendu sistema hori eraikitzeko etorkizuneko larrialdien aurreko prebentzio neurri gisa. Hilabete geroago erabaki horri errekurtsoa aurkeztu zion GuraSOSek Tapiari.

GuraSOS: “Sailburuak hilabeteko epea zuen eteteko eskaera administrazio edo erakunde eskudunaren erregistro elektronikoan sartu zenetik, eteteko eskaera berariaz ebazteko eta errekurtsogileei jakinarazteko. Epe hori igarota Sailburuaren erantzunik ez izatea, baiespen isiltasuntzat hartzen da. Ondorioz, ebazpen horren efektuak eten egingo dira”.

Bestetik, Eusko Jaurlaritzak hiru hilabeteko epea dauka errekurtso horri errantzuteko

Informazio gehiago: blogagurasoswordpress.com