Nahia Zudaire zubietarrak (Buruntzaldea IKTko kidea), apirilaren 21etik 27ra burutu den Madeirako (Portugal) igeriketa egokitutako Europako txapelketan parte hartu du eta podiumera igo da bi probetan: S8 mailako 400 m. libre eta SB7 kategoriako 100 m. bular. Bietan finala jokatu du zuzenean eta zilarrezko eta brontzezko domina bana eskuratu ditu, hurrenez hurren. Espainiar Estatuko errekor berria ere ezarri du bular proban.

Buruntzaldea IKTko Nahia Zudaire, zilarrezko dominarekin (Arg.: Buruntzaldea IKT).

Iraupen ertaineko proba izan zen lehena. Xenia Palazzo italiarra zuen aurkari Buruntzaldea IKTko kideak. Zudairek atzetik bere lehia egin eta 05. 08,29 marka eginez, zilarrezko domina jantzi zuen. Bi egun geroago, bular estiloko lehia izan zuen igerilari gazteak. Munduko txapelketan zer esana eman duen Iona Winnifrith britaniarraren eta Mariia Pavlova kirolari neutralaren atzetik iritsi zen Zudaire helmugara. 01.32,79 marka eginez, bere marka ondu eta Espainiar Estatuko errekor berria ezarri zuen igerilariak.

Parisko Paralinpiar Jokoak

Lehiaketa amaitu du Zubietako igerilariak eta aurtengo helburua Parisko Paralinpiar Jokoak dira, beraz, Zudairek ez du atsedenik izango. Bere deialdia ziurra ez den arren, marka gutxienekoak eskuan ditu igerilari gazteak eta bigarrenez hitzordu garrantzitsuan egoteko aukera handiak ditu. Horregatik buru belarri ari da lanean eta horren adibide dira, azken hilabeteetako txapelketak zein Espainiako selekzioarekin hilabete hasieran Sierra Nevadan egindako alturako entrenamendua.

Euskadiko selekzioarekin

Txapelketei dagokionez, Mallorkako Palman, Balear Uharteetan, Igeriketa Egokituko Erkidegoen arteko Espainiako Txapelketan parte hartu zuen Zudairek Euskadiko selekzioarekin martxo amaieran. Marka pertsonalik lortu ezin izan zuen arren, lehen postuetan izan zen igerilaria. 200 m. libre (02.34,74) eta 100 m. bular (01.36,01) probetan garaile izan zen. 50 m. tximeletan ere podiumera igo zen; hirugarren izan zen (38,71). Eta, azkenik, zazpigarrena sailkatu zen 100 m. libre (01.11,81) saioan.