Jexux Artze Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak antolatuta, maiatzaren 3an (ostirala) Olatz eta Iñaki Salvadorren “Familia artean” kontzertua eskainiko da Sutegiko auditoriumean, 19:00etan. Sarrerak eskuratzeko: usurbilkultura.eus webgunean edo Lizardi liburudendan.

Olatz Salvador

Olatz Salvador Zaldua (Donostia, 1990) kantautorea eta musikaria da. Urte batzuk daramatza Euskal Herriko eta munduko beste leku batzuetako agertokietan barrena, bere abestien egile eta interprete gisa. 2010 geroztik urte pare bat lehenago sortu zen Skakeitan taldean aritu zen teklatua jotzen eta koruak egiten, musika jaialdi ugaritan parte hartuz. 2014an bakarkako ibilbideari ekin zion, duela bost urte bere lehen diskoa argitaratuz. Eduardo Salvador eta Iñaki Salvador musikarien alaba eta iloba da.

Iñaki Salvador

Iñaki Salvador Gil (Donostia, 1962) gipuzkoar musikagile, pianista, soinujole eta moldaketagilea da, izenik ospetsu eta aipagarrienetakoa Euskal Herriko eta Espainiako jazzean. Hainbat musikariren diskoetan parte hartu du eta, besteak beste, Mikel Laboaren piano-jotzailea izan zen hogeitaka urtean.

Euskal Herrian bertan hasi zituen piano, soinu eta konposizio ikasketak. Piano, akordeoi, harmonia eta kontrapuntu eta fuga ikasketa klasikoak egin zituen lehenengo, eta jazz aldera jo zuen gero. 1980ko hamarkadatik hona atergabe jardun du ikasten eta lanean: bere taldeak osatu ditu, besteri lagundu dio, irakasle izan da, antzerki eta dantza ikuskizunetan parte hartu du, filmetan, jazz jaialdietan, makina bat disko egin du, sariak irabazi.

Duoko proposamen berria

Duoko proposamen berrian, Olatzen errepertorioa bizkarrezurra duen kontzertua taularatzen dute.: “Argi eta garbi intimista den formatu batean, indarra eta sendotasuna behar denean, elkarrekin aztertzen dute beren musika-unibertsoen arteko fusioa. Familia-topaketa berezia da, elkartzen dituen lotura dela eta, baina, gainera, eta hortik harago, belaunaldien arteko benetako hurbilketa interesgarria da arlo artistikoan eta musikalean. Funtsean austeritatetik eta hunkigarrian sinpletasunetik eta benetakotasunetik murgiltzea bilatzen duen lan baten aurrean gaude”.