Apirilaren 22tik maiatzaren 24ra bitartean, txupinazoa nork bota erabakitzeko proposamenak egiteko eskatu zitzaien herritarrei. Guztira, 74 boto jaso ziren, eta 25 proposamen egon dira. Jasotako boto guztiak aztertu zituen jai batzordeak ekainaren 4an egindako bileran, eta aho batez hartu zuten erabakia: 2024ko txupinazoa adineko emakume zaintzaileek botako dute.

Proposamenak helarazteko deialdia egin zenean, Usurbilgo zaintza ekosistemaren barruko komunitate lantaldekoek deialdi publiko bat egin zuten txupinazoa adineko emakume zaintzaileei eskaintzea bultzatzeko, eta deialdiak harrera ona izan du herritarren aldetik. Komunitate lantaldekoek, modu horretara, emakume horiei eta egin duten lanari ikusgarritasuna eta merezitako garrantzia eta aitortza ematea izan dute helburu.