Ekainaren 21ean (ostirala), “Gatazkaren memoria, memoriaren gatazka” UEU-Jakin Jardunaldien baitan, “Negu Hurbilak” filma eskainiko da Sutegiko auditoriumean. Sarrera doakoa izango da, aforoa bete arte. Bertan izango dira Mikel Ibarguren eta Ekain Albite zuzendariak.

Negu Hurbilak

Negu Hurbilak film dramatiko independentea da. Negu kolektiboa dago filmaren atzean: zuzendari rolean Ekain Albite, Mikel Ibarguren, Nicolau Mallofré eta Adrià Roca aritu ziren. Xalba Ramirezekin batera idatzi zuten gidoia eta Jone Laspiur da protagonista.

“Gure gizarteak, gure herriak, Europa garaikideko gatazka lazgarrienetako bat bizi izan du 50 urtez baino gehiagoz. Asko izan dira bizipen horrek gure inguruan utzi dituen oinazeak. Negu Hurbilak-ek, zehazki, arrazoi politikoengatik eta errepresaliak izateko beldur direlako, beren lurraldetik ihes egin behar izan duten iheslarien esperientzia aztertzen du. Gutxitan hitz egin da gatazkaren alderdi horretaz, tabuak bezalaxe, gaiari heltzeko orduan, gehienetan estalita geratu den ikuspegia izan da…”