Indarkeria sexistarik gabeko guneak jarriko dira Santixabeletan: arreta puntua Gaztelekuan eta informazio gunea Mikel Laboa plazan Herriko neska gazteekin lankidetzan, Emagin elkartea kontratatu izan du udalak zeregin horretarako. Usurbilen bezala, Euskal Herriko hainbat herritan eskaini izan du zerbitzu hori Emaginek, eta balorazioa egin ostean, eskaintzen duten zerbitzu hori egokitu egin dute aurtengorako. Elkartearen ustez, informazio gunea egokia da festetan eraso matxisten inguruko sentsibilizazioa eta ikusgarritasuna bermatzeko, baina eraso egin dioten norbait hurbildu izan zaienetan, leku egokiago baten falta sumatu izan dute.

Bi zerbitzu

Udalak eta Jai Batzordeak egokitzat jo dute hausnarketa, eta bi zerbitzuak eskainiko dituzte, ordutegi eta leku desberdinetan.

  1. Arreta puntua, Gaztelekuan (Eraso matxisten aurrean arreta eta eskuhartzerako puntua): ekainaren 28an (22:00-03:00) eta 29an (23:00-06:00). Helburuak: jaietan gertatzen diren edozein intentsitateko eraso matxisten aurrean, erasoa jasan duenari aurrez aurreko nahiz telefono bidezko arreta emozionala zein bide laguntza eskaintzea eta, horri aurre egiteko dituen aukeren gaineko informazio egokia eta aholkularitza eskaintzea.
  2. Informazio gunea (Indarkeria matxisten prebentzioa eta sentsibilizaziorako gunea), Mikel Laboa plazan: ekainaren 29an, 20:00-23:00 bitartean: Herritar oro indarkeria matxistaz kontzientziatzeko jai eremuan kokatutako informazio gunea da. Helburuak: emakume*, neska* gazte zein LGTBI+fobia pairatu dezaketen pertsonen askotariko erasoen gaineko bizipenak eta iritziak jasotzea; eraso horien gaineko informazioa zein horiei aurre egiteko tresnak eskaintzea eta, eraso matxistak ez gertatzeko gizon eta mutilak ohartarazteko gunea da, prebentziorako eta erasorik gertatuko balitz, erantzuna bideratu ahal izateko.

Eragileekin elkarlanean landutako protokoloa

Iaz bezala, eragileekin elkarlanean landutako protokoloa helaraziko zaie Santixabeletan tabernetan eta txosnetan lan egingo dutenei. Herritarrentzako kartel informatiboak ere egingo dituzte.

Jai Batzordea: “Festak ez dira denentzako arnasgune izaten. Jaiak ez dira espazio seguru bat guztiontzat, batez ere, emakume, trans eta bollerentzat. Askotan, jaia eta gozamena, beldurra eta egoera jasanezinengatik ordezkatzen da, gurea ere baden espazio bat ukatzera bultzatuz. Ez da inolako eraso sexista, matxista, homofobo, transfobo edota arrazistarik onartuko. Antolatuta gaude eta erantzun egingo dugu! Borrokan jarraituko dugu kaleak eta gauek ere gureak izan arte!”

Emagin

Euskal Herriko hamaika herrietako jaietan, 15 urtetik gorako ibilbidea du Emagin Elkarteak. Informazioa banatzen dute, orotariko herritarrekin sentsibilizazio lana egiten dute, eta erasoak pairatu dituztenekin esku hartzen dute. Mugimendu edota teoria feministak izaten dituzte beti ardatz, jai giro parekideak zein askeak sustatzeko, eta pedagogia feministak eskainitako tresnak baliatzen dituzte helburu horretarako. Azken urteetako esperientziak erraminta zein egokitzapen berriak eskatu dituzte.

Informazio gehiago: emagin.eus