Nafarroako Gobernuak, Artaxoako (Nafarroa Garaia) Ecofert enpresara baimendu gabeko hondakinak eramateagatik, Zubietako Ekondakin enpresari zigor-espedientea abian jartzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari. Jose Maria Aierdi Nafarroako Ingurumen kontseilariak jakinarazi duenez, Artaxoako plantari hondakinak jasotzea debekatzen dion ebazpena kaleratu du bere departamentuak.

Milaka tona lixibiatu

Hondakinak tratatzeko asmoarekin, Artaxoako plantara, milaka tona lixibiatu eraman zituzten 2022 eta 2023 artean Zubietako erraustegitik modu ilegalean, identifikazio kodea aldatu eta “lohiak” balira bezala jasotzeko.

Berri hau duela hilabete batzuk jakin zen, eta auzitegietako bide penala ere hartu du, Donostiako epaitegi bat kasua ikertzen ari baita. José Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatua ere ikertua izaten ari da auzi horretan, fiskaltzak eskatuta. Zubietako zaborrak Ekondakin enpresak kudeatzen ditu, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak azpikontratatuta, eta Asensio da sozietate publikoaren presidente.

Guzti honen aurrean, Nafarroako Gobernuak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailari eskatu dio zigor espedientea ireki diezaiola Ekondakini, Artaxoara eramandako hondakin horiengatik. Hala jakinarazi zuen ekainaren 19an Jose Maria Aierdi Nafarroako Landa Garapeneko eta Ingurumeneko sailburuak (Geroa Bai) Nafarroako Parlamentuko batzordean: “Isun eskaera enpresa pribatu bati da, eta ohiko praktika bat da arau hauste bat egin badu, enpresa hori dagoen erkidegoko ingurumen agintaritzari jakinaraztea”.

Jose Maria Aierdi Nafarroako Ingurumen kontseilaria, Nafarroako Parlamentuko batzordean, asteazkenean.

Agerraldia ikusteko: Nafarroako Parlamentuko Landa Garapen eta Ingurumen batzordea

Zubietako erraustegiak lixibiatuak ekoizteko baimenik ez izan arren, gutxienez urte eta erdiz garraiatu zituen Ekondakinek ekotoxititatea sorrarazi dezaketen halako gaiak Artaxoara. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak ez zuen Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioari buruzko informaziorik; hala dio Eusko Legebiltzarrera igorritako dokumentazioan. Gipuzkoako erraustegia kudeatzen duen Ekondakinek lixibiatuak bidaltzen jarraitu zuen, Ecofert enpresak telefonoz gelditzeko eskatu zion arte.

Artaxoako planta ixteko agindua

Nafarroako Parlamentuko agerraldian, Jose Maria Aierdik azaldu zuen ekainaren 18an Ingurumen departamentuak ebazpena sinatu zuela, Artaxoako planta behin behinean eta kautelazko neurriekin ixteko (urtarrilean harturiko erabakia berretsi du). Hortaz, Ecoferti debekatu egin dio inolako hondakinik jasotzea.

Planta horrek, Zubietatik eraman ziren 5.500 tona lixibiatuez gain, beste milaka tona lixibiatu jaso zituen Tuterako Oleofat lantegitik (egoitza Gasteizen duen enpresa), horiek tratatzeko baimenik ez izan arren. Ecofertek Nafarroako Gobernuaren ebazpenari helegitea jartzeko aukera du eta auzibidean jar liteke kasua.