Arg.: Andoni Canellada / Foku

Elur Zaldua zubietarra Eskiko Munduko Kopako proba batean aritu da Espainiako selekzioarekin. Euskal selekzioko kide ere bada. Maila bat gorago ariko da datorren denboraldian, baina azken urtean lortutako emaitzei jarraipena eman nahi die.

Berria egunkariak elkarrizketa egin dio Zubietako plazan eta bertan, orain arte egindako lanaz eta aurrera begira zer egingo duen hitz egin du: www.berria.eus/elurzaldua

Elur Zaldua

“Azkeneko lasterketa bikotekako Espainiako Txapelketa izan zen, Candanchun [Espainia]. Aurretik aritutakoetan, Sierra Nevadan [Espainia] eta Vaqueira Bereten [Herrialde Katalanak], ez nintzen oso gustura gelditu. Candanchukoan, ordea, bai. Gaztela eta Leongo [Espainia] Teo Perezekin aritu nintzen, eta oso ondo moldatu nintzen. Bigarren izan ginen; denboraldia amaitzeko emaitza ezin hobea izan zen. Bikotekideari tiraka amaitu nuen lasterketa hura”.

“Espoten lortutako hirugarren postuari esker Europako Txapelketara joateko aukera izan nezakeela esan zidaten. Inoiz ez nintzen hain aurrean ibili, eta hautatzaileek ere zalantzak zituzten nirekin. Halere, esan zidaten Andorrako hurrengo proban ondo ibiltzen banintzen aukera gehiago izango nuela Alemaniako Munduko Kopara joateko. Zorionez, banakakoa irabazi nuen, eta bertikalean bigarren izan nintzen. Zalantzak uxatzeko balio izan zidan. Inoizko sasoikoen egon nintzen Andorran”.

“Mendiko bi lasterketa jokatu ditut: Mondraitz [Arrasaten, 21 kilometroko luzera eta +1.200 metroko desnibela], eta Txindokiko Bertikala [Abaltzisketan, 3,6 kilometro eta +980 metro). Uztailean, erabat atseden hartzeko aprobetxatuko dut. Aurten, denboraldiaurrea aurreratuko dut, eta abuztuan hasiko naiz entrenatzen. Buruan daukat aste pare batez Tignesera joatea [Alpeak, Frantzia]. Aurten, berriro sasoi betean egon nahiko nuke abenduan; lehen probatik erakutsi nahi dut zer egin dezakedan. Oraindik ez daukat egutegia antolatuta, baina Euskal Herriko txapelketetan ondo lehiatu nahiko nuke emaitza politak lortzeko”.