Usurbilgo Udaleko Parekidetasun sailak antolatuta, ekainaren 2an eta 3an autodefentsa feminista ikastaroa egingo da Potxoenean. Saioaren gidaria Emagin Elkartea izango da. Ikastaro hau herriko emakume guztientzat zuzendua dago. Sei orduko ikastaroa izango da, doan, eta beharrezkoa da maiatzaren 30a (asteartea) baino lehen izena ematea.

Ikastaroaren helburuak

  • Emakumeek indarkeriarekiko dituzten bizipenak konpartitu eta biltzea.
  • Elkar entzutea eta beldur eta emozio desberdinei buruz lasai hitz egiteko tartea izatea.
  • Erasoak identifikatzen ikastea eta indarkeriaren definizioa taldean lantzea.
  • Autodefentsaz hausnartu eta erasoei aurre egiteko estrategiak lantzea.
  • Erantzun, alternatiba eta estrategia indibidualetan zein kolektiboetan sakontzea.

Egunak, ordutegia eta lekua

  • Ekainak 2, ostirala, 17:00etatik 20:00etara, Potxoenean.
  • Ekainak 3, larunbata, 10:00etatik 13:00etara, Potxoenean.

Izen-ematea

  • Maiatzaren 30a (asteartea) baino lehen.

Informazioa

  • parekidetasuna1@usurbil.eus
  • 943 377 110

Emagin Elkartea

2003. urtean sortu zen Emagin elkartea, kapitalismoa, inperialismoa eta heteropatriarkatua errotik aldatzeko premiatik abiatua: “Ez gara hutsean aritu eta harrezkero, Euskal Herria feminismotik eraikitzen jarraitzen dugu. Guretzako garrantzi handikoa izan da beti, bizi gaituen sistemaren mugak agerian uztea: horren iraunaraztearen oinarrizko estrategiak agerian uztea eta bide batez, aurre egiteko eragile feminista indartsua sortzea. Horregatik, Emaginen bereziki axola zaigu ezkutuan geratu diren ekarpen feministen sozializazioa eta horiek jendartearen esku uztea”.

Hasieratik, ikerketa eta dokumentazio zentro feminista izateko eta mugimendu feministak egindako hainbat hausnarketen biltegia izateko sortu zen Emagin. Bidean esperientzia berriak metatzen joan dira eta gaur egun ezagutza feminista kolektiboki bultzatu nahi duen bitartekoa ere bada. Euskal Herria feminista antolatzeko bidean beharrezkoa den informazio bilketa lana, faltan diren ikerketen sustapena eta garapen ideologikoan garrantzitsuak diren eztabaida feministak bideratzen ditu Emagin Elkarteak.

Informazio gehiago: emagin.eus