Martxan da Usurbilgo Udalak erosi duen garbigune mugikorra. Aste honetan Zubietan egon da eta gaur Kalezarrera eramango dute. Helburua etxeetako hondakinen berrerabilpena eta birziklatzea da. Hiri hondakinen gaikako bilketa zerbitzua hobetuko du garbigune mugikorrak, bereziki, Usurbilgo garbigunera joateko ezintasuna duten herritarrei begira. Horrez gain, bilduko diren gaien birziklapena erraztuko du. Udalak 34.500 euroan erosi du garbigune mugikorra, eta aldundiaren dirulaguntza ere jaso du, 16.400 euro ingurukoa.
Ostegunero mugituko da
Hsiera batean, astero gune desberdin batean egongo da garbigune mugikorra: ostegunero mugituko du lekuz udal brigadak. Denborarekin, baloratuko da funtzionamendua horrela mantenduko den hala egokitzapenen bat egin behar den. Honakoa izango da kokapenen segida:
- Zubieta
- Kalezar
- Usurbilgo kaxkoa
- Aginaga
- Txokoalde
- Santuenea.
Herritarrei zerbitzua hobetzeko helburua
Usurbilen hondakinak atez ate biltzen dira 2009az geroztik, eta gaur egun, gaikako bilketa maila oso onak ditu. Dena den, zerbitzua etengabe hobetzeko asmoarekin, garbigune mugikorra eskaintzea beharrezkotzat jo du Udalak.
- Batetik, Usurbilgo garbigunera tamaina txikiko materialak eramateko autoa erabili edo bertaraino oinez joatea beharrezkoa da, eta herritar kopuru batek ez du horretarako aukerarik.
- Bestetik, San Markoko garbigune mugikorrak ordutegi oso mugatua du. Beraz, garbigune mugikorrak auzoetan bizi diren herritarrei hurbileko zerbitzua eskaintzea ahalbidetuko du.
Hamaika hondakin mota
Garbigune mugikorrak jasoko dituen gaien birziklapena areagotu litekeela aurreikusi du Udalak. Gaur egun errefusaren kuboan gaika bil daitezkeen hainbat hondakin ateratzea saihestuko du, ahalik eta material gehien birziklatuz eta ahalik eta baliabide gutxien errefusatuz. Hamaika hondakin mota jasoko ditu:
- Margoak, bernizak, disolbatzaileak, kolak, fitosanitarioak (intsektizidak eta herbizidak), aerosolak eta horien ontziak (beteak, erdi-beteak zein hutsak).
- Bolumen txikiko plastiko gogorreko materialak (ontzi arinak ez direnak).
- Pilak.
- Tamaina txikiko txatarra (lapikoak, zartaginak, metalezko erretiluak, etab.).
- Material informatikoak.
- Bonbilla fluoreszenteak.
- Etxetresna, aparailu eta jostailu elektriko/elektroniko txikiak.
- Inprimagailuen tinta kartutxoak eta tonerrak.
- Material berrerabilgarriak (jostailuak, jolasak, gailu elektriko-elektronikoak…).
- Kafe kapsulak.
- Egur zati txikiak.
Erabilerarako irizpideak
Garbigune mugikorra erabiltzeko zenbait irizpide ezarri dituzte:
- Hondakin mota bakoitzak bere ahoa du, sailkatuta jasotzeko.
- Garbigune mugikorretik kanpo ezin da materialik utzi.
- Utzi nahi den hondakinaren bolumenak ezin du dagokion ahoan ezer sartzea eragotzi: beraz, hondakina ahoa baino handiagoa bada, Atalluko garbigunera eraman behar da.
- Garbigunera eraman beharko da utzi nahi den hondakina material desberdinen nahasketaz osatuta badago.
Atalluko garbigunea
Garbigune mugikorraz gaiz, gogoan izan Atalluko garbiguneak orain arte moduan, zerbitzu bera ematen jarraituko duela:
- Astelehenetik ostiralera: 10:15etik 12:50era eta 16:00etatik 18:50era.
- Larunbata: 09:00etatik 12:50era.
Informazio gehiago
- 900 776 776
- atezate@usurbil.eus
- Garbigune mugikorraren 2023ko egutegia: klik