Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak antolatuta, maiatzaren 21en (igandea), 40. Sagardo Eguna ospatuko da Usurbilen. Dema, frontoia eta Askatasuna plaza sagardo postuez eta sagardo zaletuez beteko dira. Sagardoa dastatzeko ezinbestekoa izango da frontoi sarreran jarriko den sagardo basoen salmenta postuan basoa erostea: “Maiatzak 21, igandea, goizeko 11.30tatik aurrera Usurbilgo plazan itxarongo zaituztegu”.
Egitaraua
- 11:00 Botatzaileen argazkia.
- 11:30 Irekiera. Baserriko zein sagardotegi ezberdinetako sagardoa dastatzeko aukera. Honetaz gain, pintxo aukera zabala. Botatzaileen lehiaketa ere izango da.
- 15:00 Botatzaileen bazkaria.
- 17:00-20:00 Matraka elektrotxaranga kaleetan zehar.
Laguntzarako deia
Sagardo Egunean hainbat lan garrantzitsu egoten dira egiteko: postuen muntaketa, pintxoak sukaldatu eta zerbitzatu, edalontziak saldu edota noski sagardoa banatu… Urtero moduan, Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak taldeak egunean bertan lagundu nahi duten guztientzat oharra zabaldu dute: igande goizeko 7:45ean Usurbilgo frontoian biltzeko hitzordua finkatu dute.
Antolatzaile bila
Maiatzaren 21ean ospatuko den 40. Sagardo Egunerako eta etorkizunerako laguntza eta errelebo eske, ondoko adierazpena plazaratu du Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak taldeak.
“Iritsi da Sagardo Eguna, XL. Usurbilgo Sagardo Eguna. Aurtengoan ere ilusioz ekin diogu antolakuntzari eta osatu dugu egitarau zein sagardotegi zerrenda polit bat, baina eguna borobila izan dadin zuen laguntza ezinbestekoa da.
35 sagardo postutik gora izango dira aurten ere, botatzaileak behar beharrezkoak dira, baina Sagardo Eguna hori baino askoz gehiago da, eta laguntza behar da. Basoak saltzeko postuetan, sukaldean, pintxoak banatzen, tiketak saltzen… urte askoz bolondres izaten dabiltzan taldeak daude, baina ezinbestekoa da hauentzat ere jende berria, erreleboa eta laguntza, hauek gabe ere ezinezkoa baita sagardo egun bat aurrera ateratzea. Beraz, botatzaile lanetan jardutea ez baduzu gustuko, edo besterik gabe, lagundu eta gauza berriak probatu nahi badituzu, beti dago toki bat zuretzat eta animatu!
Horrez gain, Sagardo Egunaren Lagunak taldea gero eta txikiagoa da, 6 lagun bakarrik gaude Usurbilgo herriarentzat hain garrantzitsua den egun honen antolakuntzan. Gehienok urtetxo batzuk badaramatzagu eta guk ere behar dugu erreleborako jendea.
Honetarako ere eskua luzatu nahi diogu animatu eta antolakuntzara batu nahi duen guztiari. Kontuan izan, ardatz nagusi hau gabe, ez dela sagardo egunik eta aurrera jarraitzeko jendea ezinbestekoa dela. Hau guztia esan eta gero, ez zaigu aldez aurretik eskertzea besterik geratzen. Urtero bezala, zuen zain geratzen gara urteko egunik berezienean.
Gogoratu, zuek gabe, ez dago Sagardo Egunik! Laister arte Usurbil. Gora Usurbilgo Sagardo Eguna!“
Harremanetarako
Sagardo Egunaren Lagunak taldean jardun nahi dutenek helbide honetara idatzi dezakete edo egungo kideekin hartuemanetan jarri: usurbilgosagardoeguna@gmail.com. Maiatzaren 21ean ezinbestekoa izango den laguntza eskaini nahi dutenek ere komunikazio bide bera erabili dezakete, edo bestela, hilaren 21ean goizeko 7:45ean plazara agertzeko deia egin dute antolatzaileek.