2023ko Laburbirak, euskarazko film laburren zirkuitu ibiltariak, 32 herritan egingo du geldiunea bere XX.edizioan. 7 film-laburrez osatutako bilduma eskaintzen du aurten Laburbirak, eta hainbat sortzaileen lanaz gozatzeko aukera egongo da; eduki zein estiloz denetariko pelikulekin osatua baidator film-labur sorta. Euskal Herri osoan ekoitzitako film laburren bilduma martxoaren 6tik apirilaren 5era bitartean eskainiko da. Noaua! Kultur Elkartearen eskutik, Usurbilgo emanaldia martxoaren 19an eskainiko da. Filmak Sutegiko auditorioan eskainiko dira, arratsaldeko 18:30ean eta sarrera doan izango da, lekua bete arte. Emanaldiaren barruan, zuzendari batekin solasaldia izateko aukera ere izango dela iragarri dute antolatzaileek.
Hauek dira zazpi filmak
- MUSKIL (Zuzendaria: Marina Perosanz): “Ixabel eta Pedro Muskil baserrian bizi diren agure bikotea dira. Ixabelek baserriko lanak egiten pasatzen ditu egunak, Pedrok, aldiz, tabernan. Ixabeli gero eta gehiago kostatzen zaio bizimodu horrekin jarraitzea eta, gainera, Pedroren tratu txarrak jasan behar ditu. Egun batean, Luisa, maistra berri gaztea, ondoko baserrira etortzen da bizitzera. Ixabel eta Luisaren arteko harremana estutzen doan heinean, Pedroren tratu txarrak gora egiten dute…”
- OLATUEN ISILTASUNA (Zuzendaria: Maria Bartolome, Eric Campos eta Fernando Martin): “Urtero urtero Lekeitioko kaleetatik ibilbide berdina egiten du protagonistak zerbait edo norbait bilatzeko asmoarekin. Lan honekin, filmaren zuzendariek; Maria Bartolome, Erik Campos, Fernando Martinek, 2022.edizioko KAMERATOIA, ikus-entzunezkoen rallya irabazi zuten”.
- IRRITS (Zuzendaria: Maider Oleaga): “Izaro eta Clara, 17 urteko neska nerabe bi, begirale lanetan ari dira haurrentzako udalekuetan. Egun berotsu batean, Clarak irrikaz musukatzen du laguna. Izaro, grinak itsututa, noraezean dabil gertatu zaiona kudeatu nahian, baina prest dago Clarari jarraitzeko, hark nahi duen eremura”.
- ERLOJUPEKOA (Zuzendaria: Leire Egaña): “Astronautaz jantzitako rider bati enkargu bat jasotzeko mezua iristen zaio. Paketea motxilan, riderrak esleitutako misioa hasten du bideojoko baten pertsonaia balitz bezala ibibidean topatzen dituen oztopoak ahal bezala sahiestuz. Lortuko al du bere misioa betetzea erlojupekoa amaitu baino lehen?”.
- HITZAK (Zuzendaria: Josu Martinez): “1966, Ipar Euskal Herriko Bizkarsoro izeneko herrixkan, lau neska gaztek lurperaturik diren hitzak atzematen dituzte. Michellek, 21 urteko gazteak, ez ditu ulertzen. Familian aspaldian galdu zuten hizkuntzan idatziak dira”.
- ASKO FALTA DA? (Zuzendaria: Ane Cuesta): “Neska gazte bat asteburu pasa doa lagun talde berri batekin. Egun batetik bestera, gau bakar batean, dena aldatuko da”.
- KOADRO GORIARI HELDU (Zuzendaria: Iulen Arana): “Herminia, 91 urteko andre bakartia, egoitza batean bizi da. Ez du inorekin harremanik, zentroko langile bat harengana hurbiltzen saiatzen den arte”.
Jontxu Martinez herrikidearen partehartzea
‘Erlojupekoa’ film laburrean herrrikide batek parte hartzen du, hain zuzen Jontxu Martinezek (Usansolo). Laburbiraren proiekzioaren amaieran, solasaldian izango da Leire Egaña zuzendariare kin batera. Noaua! astekariak jontxu elkarrizketatu du eta bertan filmearen inguruko hainbat zertzelada ematen ditu.
Jontxu Martinez: “Rider baten istorioa da. Janaria etxez etxe eramaten duten pertsonak dira riderrak Globo, Uber edo horrelako enpresentatzat lan egiten dutenak. Rider honi eskaera leku batera eramatea tokatzen zaio eta Road Movie baten moduan, bide bata jarraituz pertsonaia batzuk aurkitzen ditu Galdakaoko kaleetan. Herriko jaietan kokatutako filma da. Umoretik, zientzia fikziotik eta surrealismotik elikatutako lana da. Ni Usansolokoa naiz, Galdakao ondoko herri batekoa eta casting-ean izena eman nuen beste hain batek bezala. Casting-aren bidez Galdakaoko jendea nolakoa zen ezagutu nahi zuten paper txikiak egiteko. Hainbat pertsonaia egin behar izan genituen proba horietan: mozkorrarena, txakur bat paseatzen duenarena, geure burua… Behin probak amaituta, nire pertsonaia egiteko beste pertso na bat aukeratu zuten. Orain estreinatu berri den Irati filma grabatzeko deitu zioten eta, beraz, ni izan nintzen bigarren hautatu hori. Musutruk egin nuen lan bat izan zen eta goiz batean grabatu genuen lan bat izan zen. Oso paper txikia da nirea hitzez, baina badu halako presentzia”.