Martxoaren 1etik aurrera martxan dago herriko udal lokalak digitalki erreserbatzeko webgunea: erreserbak.usurbil.eus. Udalaren esanetan, oraingoz, Sutegiko eta Potxoeneko aretoak erreserbatzeko aukera dago; normalean hitzordu gehien hartzen dituztenak gune horiek baitira. Aurrerago, gainerako udal lokalak ere modu honetan eskatzeko aukera zabalduko Udalak. Webgunea Codesyntax enpresak egin du, udalaren eskariz.

Nola egin eskaera?

Eskaerak digitalki eta modu errazean egin ahal izateko tresna da webgunea. Hona hemen eman beharreko pausoak:

  • Erreserbak egiteko ez da beharrezkoa izango inon izena ematea edo erregistratzea.
  • Webgunean sartu, nahi den aretoa aukeratu, eta egutegian nahi den eguna aukeratuta egin daiteke erreserba. Leiho bat zabalduko zaio erabiltzaileari, eta bertan egingo du eskaera. Batetik, eskatzailearen identifikaziorako hainbat datu eskatuko dira, eta, bestetik, erreserbaren ingurukoak: noiz egin nahi den, zein den hitzorduaren helburua edo gaia, zenbat lagun bilduko diren, zein hizkuntzatan jardungo duten, eta aparteko baliabiderik behar duten edo ez (oharren atalean zehaztu beharko dute hori).
  • Erreserba edonork egin dezake, baina erreserbarako irizpideak desberdinak izango dira, orain arte bezala, Usurbilen erroldatua egon edo ez. Webgunea erroldarekin lotuta dago, eta eskatzaileak jakinarazitako NAN zenbakiaren bidez, eskatzailea herrian bizi den edo ez kontrastatuko dute: hala bada, eskaera automatikoki onartua izango da, eta ez bada, aztertu zain geldituko da. Izan ere, herrikoak ez direnen kasuan -eta baita enpresen kasuan ere-, zenbait irizpideren arabera, erabilera ordainpekoa izan ohi da; udal-langileek ebatziko dute kasu bakoitza.
  • Datu horiekin, udal lokalen erabiltzaileen profila ere osatuko dute. Horrez gain, eskaerak talde edo elkarte batenak izanda ere, pertsona fisikoen izenean egin ohi dira, eta kasu horretan oharretan edo hitzorduaren helburuarekin batera adieraztea eskatu dute.
  • Aurrez beste erreserbaren bat eginda dagoen kasuetan, hala adieraziko du egutegiak berak; kolore berdearekin udal-langileek onespena eman badiote, eta kolore laranjarekin, udal-langileek aztertu zain badaude. Kolore laranjarekin -aztertu zain- geldituko dira, baita ere, asteburuetan egitekoak diren hitzorduak.
  • Erreserba bat egindakoan, eskatzaileak mezu elektronikoa jasoko du, kode batekin lagunduta: eskaera aldatu nahi izanez gero, kode horrekin egin ahal izango du. Webgunearen orri nagusian, azpiko aldean, “kudeatu zure erreserba” atalean itsatsita.

Herritarrentzako eta udal-langileentzako tresna

Webgunea herritarrentzat ez ezik udal-langileen lan-tresna ere izango da. Orain arte, langile guztien esku zegoen dokumentu bat erabili izan dute, eta, aurrerantzean, udal-langileek ere webgunea erabiliko dute aretoak erreserbatzeko.

Konektatzen ekimena

2019-2023 legealdi hasieran, udal-gobernuak Konektatzen ekimena abiatu zuen, udalaren digitalizazioa bultzatzeko. Administrazio elektronikora bidean urratsak egiten hasteko, langile bat kontratatu zuen, eta ordutik zenbait aurrerapauso eman ditu:

  • Espedienteen digitalizazioa: Eskua aplikazioaren bidez, espedienteak digitalki tramitatzeko aurrerapausoak eman dira.
  • Udalaren zerbitzu telematikoak osatu dituzte, herritarrek telematikoki egin ditzaketen tramiteak pixkanaka gehituz.
  • Udala NISAE nodoaren zerbitzuak erabiltzen hasi da, erakundeen arteko datu-trukea ahalbidetzen duena: herritarrek hala baimenduz gero, udalak beste administrazioen datuak eskura ditzake, herritarrek udalera ekarri beharreko agiri kopurua murriztuz, eta, beraz, tramiteak erraztuz.
  • Lizitazio elektronikorako kontratazio plataformaren erabilpenean aurrerapausoak eman dira.