Martxoaren 1ean Usurbilgo Kultura Sailak “Aurtengo udako jaiekin, zer?” bilera irekia antolatu zuen. Bilera horretan udako festekin zer egingo den hitz egin zen. Joan zen urteko Kultur Biraren formatuak indarra hartu zuen bertaratu zirenen artean eta aurten bide horretatik jarraituko dutela erabaki da. Dagoeneko, herriko hainbat eragile, Kultur Biraren bigarren edizioa prestatzen dabiltza. Prestaketa lanei segida emateko bilera irekia deitu dute gaur arratsalderako (maiatzak 10), 18:00etan Udarregi Ikastolan.
Pandemiaren eraginez, 2020an herriko eta auzoetako jaiak ezin izan ziren ospatu eta egoerari beste irtenbide bat emateko, ekitaldi kulturalak antolatu ziren. Kontzertuak, hitzaldiak eta gisa horretako ekitaldiak izan ziren herriko hainbat puntutan, momentuko osasun neurri guztiak beteta. Aurten ere gisa horretako formatuan egitea da lehen ideia, baina oraindik zer-nolako ekitaldiak izango diren eta nola antolatuko diren erabakitzeke dago.
Ekitaldietarako sarrerak eskuratzeko usurbilkultura.eus atari berria jarri zuten martxan. Ordutik doako hitzorduetarako plataforma honen bidez eman behar izaten da izena, edota erosi daitezke ordaindu beharreko sarrerak. Orain arte, zorrotz bete dituzte segurtasun baldintzak antolatzaileek, eta zorrotz erantzun dute baita ekitaldi guztiotan parte hartu duten herritarrek. Kultura segurua dela bermatzen duen eredu arrakastatsu honi segida emango diote aurten herri eragileek.