Gaur, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna da, eta, mugimendu feministak deituta, milaka emakume aterako dira kalera. “Dena aldatu, sistema arrakalatu” da gaurko aukeratutako leloa, eta sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala dela salatzeko eta bizitza erdigunean jartzeko deia egin du Euskal Herriko mugimendu feministak. Usurbilen ere, Oriarteko Asanblada Feministak hainbat ekimen antolatu ditu.

  • Egun osoan zehar kale erakusketa Mikel Laboa plazan.
  • Oriarte institutuan dokumental proiekzioa eta mural margoketa (goizean zehar).
  • Udarregi ikastolan DBHn ikasleen arteko solasaldia eta kalejira eta LHn ipuin kontalaria KT-ren eskutik.
  • 19:00etan “Dena aldatu, sistema arrakalatu” elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.

Asteburuan ere bai

Martxoaren 8a gaur bada ere, dagoeneko asteburuan ere dozenaka izan dira Martxoaren 8a kari egindako mobilizazio eta ekitaldiak. Usurbilen ere Oriarteko Asanblada Feministak antolatuta “Emakumeon* saretzearen garrantzia” tailerra egin zen frontoian.