Usurbilen Nahi Ditugu Elkarteak azaroaren 27an (ostirala), hileko azken ostiralarekin bat, euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko elkarretaratzea egingo du, Mikel Laboa plazan, 20:00etan. Ekimen honetan parte hartu asmo dutenei, maskarak erabili eta segurtasun tartea errespetatzea eskatzen diete deitzaileek.
Usurbilen Nahi Ditugu Elkarteak elkarretaratze hauek helburu zehatz batzuekin egiten ditu:
- Senitartekoei pertsona gisa dagozkien eskubideak modu kohesionatuan zaintzea dute helburu, euren eta denen biziak bermatzeko.
- Senitartekoei pertsona nahiz errepresaliatu politiko gisa dagozkien eskubideen urraketa etengabearen testigantza eta informazioa ematea. Ezkutatua izan arren, samurragoa ez den errealitate baten testigantza gizarteko eremu guztietara zabaltzeko konpromisoa hartu du elkarteak.
- Milaka euskal herritarrengan, eta bereziki senitartekoengan, espainiar eta frantziar estatuek darabilten bortxakeria salatzea. Senitartekoek bereziki, eta gizarteak orokorrean, jasaten dituzten bizi baldintzak eta erasoak salatzea euskal gizartearen aurrean, senideek bizi duten errealitatearen bozgorailu izanez
- Senitartekoen eta beraien borrokaren izaera politikoa nabarmentzeko konpromisoa hartzen dute.
- Gatazka politikoaren konponbidea bide demokratikoen bitartez aurkitzeko apustu egiten duten eragile sozial eta politikoekin lan egiteko konpromisoa hartu zuten. Gatazkaren konponbideak, zalantzarik gabe, senitarteko guztien etxeratzea ekarriko duelako.