111-hostoz-eta-orriz-jantzi_azala-2

Jakoba Errekondo usurbildarrak “111 hostoz eta orriz jantzi” izena duen argitalpen berria kaleratu du. Argian 25 urtez landareei buruz idatzitako 1.111 artikuluetatik 22 lagun ezagunek eginiko hautaketa lanen bilduma da. Durangoko azokan aurkeztu berri du liburua eta orain, Usurbilen aurkeztuko du, abenduaren 12an (osteguna) Potxoenean, 19:00etan. Aurkezpenean Jakoba Errekondoz gain, liburuko artikuluen hautaketan parte hartu duten hiru herritar izango dira: Idoia Torregarai, Joseba Tapia eta Antton Olariaga.

Jakoba Errekondo 2019Arg.: Noaua!

Jakoba Errekondo: “Niretzat, gauzok emozioak dira. Lan bat harago begiratu beharrekoa. Liburu hau landareei buruzkoa da baina batez ere hizkuntzari buruzkoa. Kontrazalean Gorka Arresek  esaten du, sekula ez da botanikaz hainbeste idatzi. Hori hizkuntzan islatu nahi nuen. Liburuan irakurketa desberdinak proposatzen dira, baliabide desberdinekin; etiketak bilaketa errazak egiteko; hitz bereziak agertzen dira, aparteko indar bat emanez; artikulu bakoitzeko hitzen sinonimoak… Aipatzekoa da, diseinu aldetik Maitane Gartziandiak egin duen lan izugarria. Irudi sinple batzuk zenbateko indarra duten”.

“111 hostoz eta orriz jantzi” liburua Argiak Bizi Baratzea lan-ildoan aurten argitaratutako nobedadea da, Jakoba Errekondok astekari honetan argitaratutako artikuluen bilduma hain zuzen ere. Liburu hau diseinuz eta edukiz berezia da, artikuluak hautatzen 22 pertsonak hartu dutelako parte, direla bertsolariak, idazleak, musikariak…

Datu interesgarriak

  • Artikuluen egilea: Jakoba Errekondo.
  • Liburuaren editorea: Gorka Arrese.
  • Liburuaren diseinua: Maitane Gartziandia.
  • Liburuaren sarrera: Sustrai Colina.
  • 22 hautatzaileak: Egile sorta anitz honek egin du artikuluan hautaketa eta hauen aurkezpen sarrera: Antton Olariaga, Anjel Lertxundi, Sagrario Aleman, Elixabete Garmendia, Xabier Montoia, Itxaro Borda, Alex Mendizabal, Andoni Egaña, Arantxa Iturbe, Joseba Tapia, Pantxika Maitia, Koldo Almandoz, Idoia Torregarai, Harkaitz Cano, Maialen Lujanbio, Leire Etxaide, Estitxu Eizagirre, Onintza Enbeita, Markel Lizasoain eta Eneko Mitxeo, Amets Arzallus, Beñat Sarasola eta Danele Sarriugarte.

Liburuaz gehiago jakiteko artikuluak

Noaua! astekariko 804. zenbakian Jakobari egindako elkarrizketa zabala irakurri dezakezue: Noaua 804

2020ko Landareak Lantzen agenda

Liburu honekin batera, 2020ko Landareak Lantzen agenda liburua ere kaleratu du Jakobak, Antton Olariaga marrazkilariarekin batera. Bertan ilargiaren egutegiaren arabera egun bakoitzean landare gaietan zein lan egin kontsulta dezakegu. Aurtengo gaia zuhaitzak dira. Era berean lan bakoitza noiz eta nola egiten dugun jasotzeko aukera  ematen du gida honek: “Zenbat aldiz gertatu zaigu: hazia nondik ekarri genuen ahaztu edo noiz erein genuen edo zein ongarri eman genion ez gogoratzea… Ikasteko bide  onena egindako lan guzti-guztiak ahal den eta zorroten jasotzea da. Jaso eta ikasi”.

landareak-lantzen-2020-azala-15

Informazio gehiago