Atzo arratsaldean (irailak 24), 18:30ak inguruan Usurbigo Osinalde industriagunean dagoen Ucin lantegian sutea gertatu zen. Informazio iturrien arabera, larrialdietako zerbitzuak berehala hurbildu ziren bertara: suhiltzaileen hiru kamioi eta auto bat, herriko udaltzainak, anbulantzia bat eta ertzaintza. Gertaera lekura udal ordezkaritza bat ere gerturatu zen, tartean Usurbilgo alkatea, Agurtzane Solaberrieta. Sutearen eraginez zauriturik ez zela adierazi zute.
#incendio en #Ucin Usurbil pic.twitter.com/ScHq6hVM4a
— Despertado (@Tonintxo) September 23, 2019
Atxegalden etxeko leihoak itxi zituzten
Herriko txoko askotatik begi bistakoa izan kea. Atxegaldeko auzotarrak lehenak izan ziren hori bizitzen. Etxeko leihoak itxi beharrean aurkitu ziren bat baino gehiago. Segituan, kirats handiko kea herri osoan zehar zabaldu zen laino batean bilakatuz, Zubieta aldera lehendabizi eta ondoren, haize aldaketarengatik, Aginaga aldera.
Sutea laminazio beroko trenean
Udalak sare sozialen bidez emandako informazioaren arabera, enpresako arduradunek adierazi zieten, laminazio beroko trenak su hartu zuela, eta ez fundizioa egiten duten labeek. Udalak adierazi du Ucin lantegiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarraituko duela gertatutakoa argitu eta beharrezko diren neurriak hartzeko.
Usurbilgo Udala: “Alkatea eta udal zinegotziak Ucin enpresara hurbildu dira, kea ikusi orduko. Enpresako arduradunek adierazi digutenez, laminazio beroko trenak su hartu du, eta ez fundizioa egiten duten labeek. Zorionez ez da langilerik zauritu, eta udal gobernuak harremanetan jarraituko du enpresarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin gertatutakoa argitu eta beharrezko diren neurriak hartzeko”.
Agurtzane Solaberrieta, Usurbilgo alkatea: “Kezka eta ezinegona eragin digu gaur Ucinen gertatu den suteak. Zorionez, langilerik ez da zauritu, baina enpresak kalte larriak izan ditu. Gertatutakoa argitzeko hartu-emanetan jarraituko dugu bihar”.
Herritarren kexak
Sutea gertatu eta hainbat herritarrek sare sozialen bidez argazkiak zabaldu zituzten. Aspalditik datoz kexak eta atzokoan ere herritarren kezka nabarmena izan zen.
20:00etan oraindik kea herrian zehar
Sutearen ondoren kea herrian zehar zabaldu zen. Arratsaldeko 20:00etan oraindik kearen arrastoa nabaria zen, garbi jakin gabe zer zen arnasten ari ginena. Xingola herritarrak 20:00etako irudiak zabaldu zituen sare sozialetan.
🚨🚨 2019.09.23 / 20:00
(2) 📹 Bideoa sutea itzali ondoren ateratakoa… 😷#Usurbil #sutea #ucin #kea #kiratsa #kezikiña #kutsadura #Gipuzkoa #euskalherria #basquecountry@noaua @usurbiludala @Gob_eus @Ingurumena_Eus @OrainGipuzkoa @OrainIngurumena pic.twitter.com/nuKwuDseH4
— Xingola Usurbil ♻️ (@XingolaUsurbil) September 23, 2019
2018ko uztailaren 19an antzeko gertakari bat
Atzoko sutearen eragindako ke eta usaien ondorioak ez dira kontu berriak. Iaz ere antzeko gertakari bat bizi izan zen herrian. 2018ko uztailaren 19an, arratsaldeko 18:30-19:00ak aldera ke multzo handia zabaldu zen Usurbilen, bereziki Atxegalde, San Inazio eta Kaxkoko inguruetan. Gertaeraren berri jakin bezain laister Udalak protokoloa martxan jarri eta Ucin latengira gerturatu ziren Xabier Arregi Usurbilgo alkatea, teknikari arduraduna eta udaltzainak. Gerturatu eta barrura sartu ziren zer gertatu zen jakiteko asmoarekin. (Ikus: usurbileginez.com)
telefono zerbitzua
Usurbilgo Udaleko udaltzaingoak aspaldi martxan dauka telefono zerbitzua. Ke-isuriak sumatuz gero, Udaltzaingora deitzeko gonbita luzatzen dute. Hauxe, udaltzainen telefono zenbakia: 943 361 112